Historiaren gorabeherak direla eta, muga politikoak etengabe
aldatu ohi dira herriak, kulturak eta familiak erdibituz. Hala ere, autoritateen
baimenik gabe muga horien gainetik pasa direnak beti izan dira. Kulturaren kontrabandistak,
hizkuntza, dantza eta tradizioen estraperlistak, ametsen trafikanteak elkartzen
ahalegindu dira, beren zakuen edukiak konpartitzeko asmoz.
Gaskonia eta Euskal Herriaren arteko lurralde xarneguetan bi kulturek elkarbizitzen
eta eremu propio zein komunak izaten jakin dute. Sorburu beretik abiatuta adierazpide
bereziak garatu dituzte. Lehenaldi baskoira berez itzuli direla esan liteke.
Xarnege elkargune dugu, ez nahas-mahasa. Bidegurutzea, ez muga. Erroetatik etorkizunerantz
begirada, ez museo bizigabea. Guztion lurra eta inorena ez. Konpartitzeko lekua,
zakua musikaz bete ondoren, gaueko ibilialdia jarraitzeko.
“Sharnègo” ezkontide mixtoen, euskaldun eta gaskoien, seme-alabei deritze, baita bi kulturak elkarbizi direneko lekuei ere. Batzuetan hitzari mesprezuzko zentzua ematen bazaio ere, geuk bere alde positiboena hartu nahi izan dugu: Xarnege bi kulturak ezagutu eta maite dituena da, bi eratara adieraz eta azal daitekeena. Ez du axola doinua nondik datorren, dantza urratsa nori bururatu zaion, musika-tresna nork asmatu duen... Garrantzitsuena zera da, itxuraz ezberdinak diren elementuetatik abiatuta elkarrekin sortu ahal izatea.